Pasaiako kanpo-portuaren proiektuaren aldi baterako gelditzearen aurrean, Jaizkibelen behin betiko babesa

Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren azken bilkuran Kanpo-Portuaren proiektua aldi baterako gelditzea erabaki zen egoera ekonomikoa dela eta, Pasaiako udala, Foru Aldundia eta LAB sindikatua  aurka agertuz, gelditzeak behin betikoa izan behar duela ulertzen dutelako.

Jakinarazpen baten bidez Portu Agintaritzak adierazi du erabakia: “saihestezina bihurtu da bere garaian ekimen hau bultzatu zuten arrazoiak banan banan desagertzen joan direlako,aukera hau etorkizunerako baztertzen ez bada ere egun zehaztea ezinezkoa da; Portu Agintaritzak egun existitzen den portuaren sendotzea eta hiri-ingurunearekiko bateragarritasuna du orain bere estrategiaren ardatz nagusitzat”.

Guzti honekin, frogaturik dago:

1. 20 urtetan zehar Portu Agintaritzak eskaturiko ikerketa eta proiektuak  (250 baino gehiago, denon artean ordaindurikoak) aurreikuspen interesdunetan, gezurrezko datu ekonomikoetan zein bideragarritasunezko datu faltsuetan oinarriturik zeudela.

Bere garaian ekimen honi bidea ireki zioten arrazoi ezberdinak desagertu badira proiektu guztia iruzur bat izan dela egiaztatzen da, milioika euro xahutzeko balio izan duena, paperean, publizitatean… kean.

Inork ez du publikoki nork bere gain ardurarik hartzen, ez zaigu herriari porrot egindako proiektu honek balio izan digun diru guztiaren konturik aurkezten.

Duela zenbait urtetik errealitateak erakutsi diguna zera da, egungo portuak bere gaitasunaren eta ahaleraren erdian besterik lan egiten ez duela.

2. Ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak, izan natural edo hiritarrak, ikuspegitik at geratzen dira, eta egungo proiektuaren aldi baterako gelditzean aipatu ere ez dira egiten.

Bestalde, interesa dagoenean, ingurumen eta osasun publikoko arloak zuzenean erabiltzen eta manipulatzen dira ezin justifikatuzkoa dena justifikatzeko. Munduan zehar portu asko daude gune hiritarretan kokaturik neurri errealak hartzen dituztenak, haien jarduerek herri mugakideetan edota ingurumenean eragin ditzaketen kalteak aurreikusi eta murrizteko dirua ekipamenduan, estolderian eta materia kutsatzaileen zama zuzen eta konfinatuan erabiltzen dutelarik .

Pasaian, indar eta baliabideak kanpo-portua justifikatzen eta sustatzen xahutu dira, egungo portuan legeak beharturiko politika eta ingurumen zein osasun praktikei nahita entzungor egin zaie (hautsa, kutsadura…).

Hala ere zenbait alderdi politikok maltzurkeriaz erabiltzen dituzte osasun publikoari eta herritarrekin harturiko zorrari buruzko gaiak, Kanpo Kaia defendatzen jarraituz, agian euren berezko interesetan edota geroko hauteskundeetan pentsatuz, ondare natural eta kulturalaren babeserako taldeak kritikatu eta gutxiestera ausartuz.

Erabat frogaturik geratu da Jaizkibel Europako Ondare Natural eta Kulturala dela, NATURA 2000 Sare Europarraren barnean dagoena. Eusko Jaurlaritzak ere berriki adierazi du (teorikoki) haren babeserako legezko forma baten bidez itsas-aldea babesteko beharra eta horretarako konpromisoa dagoela.  Kolektibo zientifiko eta sozial ezberdinek aspalditik eskatu duten alderdia  da hau eta baita Jaizkibel Amaharriren bi helburu nagusietariko bat ere.

Aldi baterako Kanpo-Portua gelditzen den bitartean baina, Eusko Jaurlaritzatik eta Gobernu Zentraletik beste proiektu mota bat bultzatzen ibili dira: berauri estuki loturiko azpiegitura handiak. LEZO-GAINTXURIZKETA PLATAFORMA LOGISTIKO INTERMODALAri, esaterako, lehentasunezko izaera eman zaio eta Jaizkibel hegoaldean eraikitzeko asmoa dago, laborantza-balio eta garrantzia natural izugarria duten lurretan. Gainera lur horiek Europarentzat lehentasuna dute NATURA 2000ko eremu ezberdinen arteko korridore ekologiko eta zubi direlako, aipaturiko Jaizkibel eta Aiako Harriaren artean adibidez.

Orain geldirik dagoen proiektuaren agirietan plataforma hau ezinbestekoa dela ez dugu ahaztu behar, bertan egongo baitirateke biltegiratzeak, banaketak eta Kanpo-Porturako tunelak. Horregatik, planaren funtsezko zati dena lehentasunezkotzat bultzatzen jarraitzen dute, gerora berriz ere proiektua abian jartzeko aukera erraztuz.

Hori guztiagatik ondorioztatzen dugu, Kanpo-Portuak aipaturiko Plataforma Logistikoa behar eta justifikatzen bazuen, orain zalantzazkoa eta ez premiazkoa dela, huts egindako Kanpo-Porturako erabilitako aurreikuspen, ikerketa eta datuetan oinarritzen baita. Gainera, Jaizkibelen hegal honen balio natural garrantzitsuak  ez ditu aintzat hartzen.

Horrela, Jaizkibel Amaharri proiektu zientifiko eta sozialetik, erabaki honekin hein batean pozten gara. Orain lanean jarraitzea tokatzen da, babes eraginkor eta egiazko baten alde, gurea ez den baina zaintzeko betebeharra dugun ondare garrantzitsu honen alde, datozen belaunaldiei ahalik eta egoera onenean helarazteko. Horretarako, Jaizkibel Amaharritik “JAIZKIBEL-ULIA 2016, Naturaren Hiriburu Europarra” kanpaina prestatzen gabiltza, akabera eman eta laster aurkeztuko duguna.