ArkeologiaDuen ondare arkeologikoa babesteko abian jarritako egitasmo bati esker, 2001etik aztarna arkeologikoak dituzten berrogeita hamar bat kokagune topatu dituzte, nahiz eta horietako asko oso egoera txarrean dauden. Higadurak, kontrolik gabeko bisitarien etorrerak eta Jaizkibelgo euriteek kalte handia egin diote ondare horri. Gordailu hauen hauskortasuna dela eta zenbakidun erreferentziak erabiliko ditugu.

150.000 urte gizakia bertan dela
Historiaurreko ia aro guztietako materialak bildu diren arren –duela 150.000 urtez geroztikoak-, aurkikuntza nagusiak Goi-Paleolito amaieran hasi, Mesolitoa eta Neolito hasiera bitartekoak dira (azken honi dagozkio baita Jaizkibelgo zenbait monumento megalitiko ere). Guztien gainetik eta duen garrantziagatik, J3 harkaizpeko babeslekua aipatu behar da. 2003an zati bat induskatu zuten, eta duela 8000 urteko arrantzale baten gorpua topatu zuten bertan. Jaizkibelgo lehen biztanleek jaki zituzten lapez egindako maskortegi batean zegoen lurperatuta.

J3 hilobia Euskadin ezagun den hileta-ohitura zaharrena da eta indusketa horri esker lortutako informazioak Kantaurialdeko Mesolitoko gizartearen ikuspegi ezberdina eman digu. Publikoki ezagun diren ikerketa hauek etorkizun hurbilean ondo babestutako beste zenbait sekuentziatara zabalduta, Jaizkibel tokiko historiaurrea ezagutu eta ulertzeko gune garrantzitsu bilakatu beharko litzateke. Bai, behintzat, lehenago aipatutako hiru aroak ulertzeko.

Megalitoak. Historiaurreko hileta monumentuak
Gipuzkoako Historiaurrearen ordezkari dira megalitoak gure kontzientzia kolektiboan. Aspalditik ezagunak diren eraikuntzok, betidanik erakarri dute jendearen arreta, eta kondaira asko sortu dira haien inguruan. Megalitoak gure historiaurrearen lekuko eta ordezkari behinenak dira ezbairik gabe, baina “legez babestuta eta seinalizatuta” dauden arren, arriskurik ez dute falta. Hori dela eta, ondare honen inguruan abiatutako ezein estrategiak megalitoen ikerketa, kontserbazio eta babesa hartu behar ditu aintzat, duten balioa azpimarratuz.