Victor Hugo idazle frantses unibertsalenetako bat da. Poeta, antzerkigile eta idazle erromantiko gisaegindako lanagatik da ezagun gehienbat, baina bazuen beste aurpegi bat ere: bidaiari amorratua zen eta bidaia-liburu asko idatzi zituen. Naturarekin harreman zuzena izatea atsegin zuen, eta bere garaian ezezagun ziren inguruneetan barneratzea. 1843ko udan Piriniotako eta Euskal Kostaldeko lurraldeetan barrena egin zuen bidaia, eta tartean, kasualidadez, Pasaiako herrixka, eta harekin batera, Jaizkibel-Ulia mendiak ezagutu zituen. Aurkikuntza hura hil ostean argitaratu zen “Alpes et Pyrénées” liburuan jaso zuen Victor Hugok. Liburuko pasarte nagusi eta ederrenetako bat bilakatu zuen.

Jaizkibelen oinez zebilela idatzia

“Mendian arima goratu egiten da, bihotza sendatu; pentsamendua bake sakon honen partaide bilakatzen da. Pasaiako mendiek bi bereizgarri dituzte erakargarri egiten dituztenak. Bata, itsasoari so daudela (…) Bigarrena, harehaitzez osaturik daudela. Hareharria, hain zuzen, dagoen harririk jostalari eta forma aldetik bitxiena da (…) Ez dago ezinezko zaion itxurarik, izango ez duen apetarik, ez eta beteko ez duen ametsik; aurpegi guztiak dauzka, keinukera guztiak. Arima anitz batek bultzatzen duela dirudi. Hemen, Pasaian, euriak, itsasoak eta haizeak zizelkatu eta landutako mendia hareharriaren bizileku da, harrizko hamaika biztanleren, mundu tinko, iraunkor eta ia beldurgarrien etxe”.

“… Kapusaidun ermitaua da (…) mokodun ipotxak dira, gizaki itxurako bi aurpegidun munstroak, batak irri eta besteak negar (…) Paisaiaren antzeztokian, hareharriak apetatsuaren papera betetzen du; batzuetan handi eta zurrun, besteetan barregarri; borrokalari baten gisan makurtzen da, eta pailazo baten pare uzkurtu; belakia da, budina, kanpin-denda, etxola, zuhaitz-enbor (…) irri egiten duten aurpegiak dauzka, begira dauden begiak, kosk egin nahi duten matrailezurrak iratzea bazkatuko badute (…) hareharrizko mendia sorpresa eta interesgunez beterik dago. Hilik dagoen naturak bizia duela ematen duenetan, sentipen berezi batek hunkitzen gaitu”.

“Alpes et Pyrénées” liburuko pasartea

Victor Hugo

Interes geologikoko puntua (IGP). Victor Hugoren ibilbidea
Tanbo, Grankanto, Galea eta Azabaratza inguruetan interes zientifiko eta kulturala duten puntu eta gune aniztasun handia dago. Hauek dituzte ezaugarri geologiko behinenak: chevron motako tolesdurak eta turbidita estratu handiak dituzten itsaslabarrak, flysch basalaren azaleratzeak, marearteko arrezife edo uharriak, Azabaratzako hareatzak, higaduren ondoriozko geoformak, paramoudrak, Akarregiko arroila, iknofosilak, etab. Aniztasun horrengatik, duten itsasoko eta lurreko geodibertsitate oparoagatik, uste dugu inguru horiek IGP gisa zerrendatu eta babestuta egon behar luketela. Egun, osatzen duten area ez dago Eusko Jaurlaritzaren IGPen zerrendan.