Jaizkibelen iparraldeko isurialdean elkarrekiko paralelo dauden errekek, hala nola, Inalurreta, Sagatxa, Zubitondo, Arangua, Marguzes eta Agindegik, haran sakoneko erliebea eratu dute itsasorako euren ibilian. Era honetan, labarrez beteriko paisaia zoragarria sortu da, duen zig-zag formagatik akordeoiaren hauspoaren jitea duena. Bailara mota hauei chevron gisakoak ere deitzen zaie. Zenbait erreka ur-jauzi moduan itsasoratzen dira itsaslabarren gainetik, euriaren higatze-ahalmena itsasoak itsaslabarrari eragiten diona baino motelagoa delako.

Copia de 140502

Jaizkibelgo arroken ezaugarriak direla eta lurrazaleko ura sartu eta lur azpira isurtzen da, bertan ubideak sortuz. Alde batetik, arrokek urak erraz desegiten duen zementu karbonatatua dute osagarri. Eta bestetik, hareharri geruza handiak eta material litologiko bigunagoak tartekatzen dituen estruktura eta haustura sarea dago urari bidea eginez. Akuiferoaren dimentsio eta ezaugarriei buruzko informazio gutxi dagoen arren, lotura maila aldakorra daukaten akuifero txikiz osatuta dagoela uste da.

Gainazaleko urak arroketako arrailetatik eta estratu artetik isurtzen denean, arroka disolbatu eta sima edota leizeak sor ditzake, sistema karstikoen parekoak, nahiz eta gutxiago garatu izanagatik seudokarst izena eman zaien. Jaizkibelen ehundaka hutsune edo barrunbe zenbatu dituzte, 110 metro ingurukoa handiena. Zulo horietako askok zementu karbonatatua disolbatu eta hareharriaren disolbatze-prozesua jarraitzen duten ur korronteak dituzte barnean. Zenbait gunetan, gainera, espeleotema izeneko xafla batzuk ageri dira, urak disolbatutako karbonatoa itsatsi ostean sortutakoak.