Jaizkibelgo herpetologia ez du oraindik inork sakonean aztertu, baina azken 30 urteetan aldizka egindako ikerketek jatorria Europako kontinentean duen espezie multzo bat ezagutzera eman dute. Jaizkibelen, hamar narrasti espezie bizi dira, gutxienez, eta euren garapenerako mesedegarri diren habitat desberdinak topa ditzakete bertan, Ezagutzen ditugun lau anfibio espezieak gainazaleko ubide txikiez osatutako sare hidrologikoaren menpe bizi dira. Sare hori aberats bezain hauskorra da, eta bereziki mendigunearen iparraldeko isurialdea du sostengu.

Anfibioen habitata
Errekastoetako putzuek urte osoan zehar izaten dute ura, eta horregatik, ezinbesteko dira anfibio espezie gehienen ugalketarako. Ur horri esker, hain zuzen, zapaburuak luzaz egon daitezke bertan metamorfosia egin bitartean. Txantxikuen zapaburuak, adibidez, oso ondo egokitzen dira bertako baldintzetara, eta negu bat baino gehiago pasa dezakete urotan.

Narrastien habitata
Azaleratze eta labarretan bizi dira espezie arruntena, sugandila arrea, eta haren harraparia den suge leuna. Horma-sugandila zuhaixka inguruetan babesten da; bizilagun izaten ditu musker berdea eta urri den sugegorri kantauriarra. Txillar eta ote sastrakadiek osatzen dituzten ingurune hezeagoetan edota zuhaitz-gune txikien gerizpean, Eskulapioren sugea aurki dezakegu. Arroila eta hezeguneetan, suge gorbatadunak jarduten du oso ugaria den apo arruntaren atzetik.

Muskerraren bila
Orain dela 30 urte, Lacerta Schreiberi espezieko musker bat harrapatu zuten Jaizkibelen, baina ordutik hona ez du inork besterik ikusi. Jaizkibel izan zuen penintsula ipar-ekialdeko azkeneko gotorlekua, habitatak oraindik bere garapenerako egokiak diren ezaugarriak mantentzen baititu, alegia, errekatxoen bazter harritsuak, ihitoki bustiak, sastrakadi hezeak eta iratze-guneak. Baina lehiakide nagusi duen musker berdea jaun eta jabe da, eta horrek asko baldintzatzen du bere garapena. Ikertzaileak jo eta su ari dira alerik ba ote den bilatzen.