Jaizkibelen itsasoak, lurrak eta aireak bat egiten dute. Ondorioz, aberastasun handia dago eta hegazti espezie asko ikus daitezke. Gainera, duen kokapen geografikoa dela eta, Europatik migrazioan datozen hegaztien korridorean baitago, hegazti espezieen kopurua nabarmen handitzen da migrazio garaian. Jaizkibeli buruzko zerrenda eta katalogoetan agertzen diren hegazti espezieak ehundik gora dira.

Jaizkibel bizileku duten hegazti ugari ikus daitezke urte osoan zehar. Horietako batzuk dira, esaterako, ubarroi mottoduna, etze txinboa eta kaio hankahoria. Ubarroi mottoduna, Kantaurialdean atzerakada izan duena, ohikoa da inguruotan. Belatz handiak ehizarako unean orduko 300 kilometroko abiaduran egin ditzakeen amiltze ikusgarriak beha daitezke. Edota harrapariak, hala nola, mirotz zuria edota sai arrea, nahiz eta azken honek ez duen habia Jaizkibelen egiten.

Urte osoan zehar bertan bizi ez diren hegaztien artean, bereizketa bat egin dezakegu: Jaizkibel- Uliara iritsi eta berau hilabete batzuez bizileku izaten dutenak eta beste tokietarako migrazio bidean ikus daitezkenak bakarrik. Hainbat txenada, aliota, ekaitz-txori eta kaio mota iristen dira Europako iparraldetik negua igarotzera. Martín arrantzalearen urdin elektrikoa ere negu partean ikus dezakegu. Beste espezie batzuk, berriz, sai zuria, arrano sugezalea eta arrano txikia, kasu, hilabete hotzenetan Jaizkibel atzera utzi, eta Afrika tropikalera abiatzen dira negua igarotzera.

Beste tokietarako migrazio hegaldian bakarrik ikus daitezkeen hegaztien artean, kurrilo eta antzaren “V” itxurako talde ikaragarriak nabarmentzen dira. Urriaren bukaera aldean hasi, eta azaro osoan zehar, Piriniotako migrazio bideetatik aldendu, eta kostaldeko bide baxuak jarraitzen dituzte ekaitzetatik ihesi. Migrazio hegaldian ikus ditzakegun beste hegaztien artean, gabai arrea, txenada hankabeltza, zangak, ahateak, arrano arrantzalea, miruak, atalarra eta limoetako zenbait hegazti, hala nola, txirritxoak eta txirriak aipatu behar dira. Noizean behin, migratzaile horietako batzuk bidaian geldialdi bat egin eta Jaizkibel-Ulian geratzen dira denboraldi batez.