Jaizkibel-Uliako lurrek habitat eta biotopo aberatseko mosaikoa osatzen dute. Baldintza edafiko eta klimatikoek, itsasoa hurbil izateak eta argitasunak baldintzatzen dute landaredia. Txilardi, otadi, amezti eta hariztiek osatzen dute itsaslabarretako flora. Hezetasun handiko arroila, estalgune eta amildegi ilunek, berriz, arriskuan dauden aparteko iratzeak gordetzen dituzte.

Plantago maritima

Itsaslabarrak
Itsaslabarretako lehen mailako flora muturreko inguruneetan bizirauteko gai diren landareek osatzen dute. Kresala jasateko, arrokei eusteko eta ur gezik gabe irauteko gai da bertako landaredi kasmofitikoa. Itsas mihiluak eta itsas plantainak kuxin itxura hartzen dute, eta ura gordetzen dute hosto lodietan. Itsaslabarraren lehen metroak hartzen dituzte, marea bizietako itsasgoramailaren gainetik. Ur gezaren egarriz, arroken arrailetan barneratzen dituzte sustraiak.

Armeria euskadiensis

Belardi aerohalinoak
Itsaslabarraren malda txikieneko erlaitz belartsuetan landaredi txikiak ageri dira. Giroa lehorra da han airearen gazitasunaren eta haizearen eraginez, eta ondorioz, gramineo sendoek osatzen dute bertako landaredia, Festuca rubrak kasu. Han loratzen dira, bestalde, hosto eta zurtoin iletsuko Anthyllis vulneraria eta argizaridun hosto txikiko Armeria eukadiensis endemikoa. Lurzoru argalaren eta luizien mehatxupean, horiek dira landaredi jarraitua osatzen lehenak.

Ulex europaeus

Kostako txilardiak eta otadiak
Itsaslabarren goiko aldea otalur lehorrek, kostako txilardi eta otadiek osatzen dute. Erikazeo eta lekadun familietakoak izanik, halako landareek airearen nitrogenoa jasotzen dakite, eta, horrela, gai dira materia organiko eskaseko lur kaskarretan hazteko. Kuxin formako itxurak haizea gerarazten du; tamaina txikiko hostoek, berriz, ebapotranspirazioa gutxitzen laguntzen dute. Abeltzaintzak eta larre-ebakitzeak lagunduta, iratze arrunta jabetu da belardiez.

Haritza

Ameztiak eta hariztiak
Itsasotik urrunago, haizetik babestutako eremuak leku aproposa dira ameztiak eta hariztiak garatzeko. Ingurune horietan hazten diren haritz hostoerorkor edo zimelkorrak ametza eta haritz kanduduna dira. Lehena, muinoen goialdeetara, lehorteetara eta lur hondartsuetara egokituta dago; bigarrena, berriz, lur sakonago eta hezeagoen zalea da. Anbulo zuria dute biek ala biek lagun. Ameztiek urtetan jasan behar izan dute pinuaren baso-berritzea euren eremu potentzialean. Berreskuratzeko lanetan ari dira orain.

Woodwardia radicans

Amildegiak eta harpeak
Oso flora berezia bizi da iparraldeko isurialdean itsasorantz egiten duten amildegietan eta jausitako blokeek osatutako harpeetan. Goroldioek eta iratzeek giro heze, epel eta iluna dute etengabe bertan. Oso espezie arraroak ditugu aipatutako flora horretan: Vandenboschia speciosa, Hymenophyllum tunbridgense eta Woodwardia radicans Europako iratze paleotropikalen artean galtzeko arrisku larrienean daudenetarikoak dira. Babesturik daude eta oinarrizkoa da haien habitata zaintzea.