Natura 2000 Sarea babestutako eremuen munduko sare handiena da, egun. Haren helburuek Europar Batasunaren naturaren babeserako politika garrantzitsuenak dituzte oinarri, “Habitatak” eta “Hegaztiak” zuzentarauak, hain zuzen.

Habitatak Zuzentarauaren helburu nagusienetako bat Natura 2000 Sareak espazio ekologikoen uztarri gisa duen koherentzia zaindu eta babestea da; izan ere, “bioaniztasun irla” bakanak baino, elkarren artean konektatuta dauden eta sare bat osatzen duten espazioen multzoa lortu nahi da, haien osotasuna eta koherentzia babestuko bada.

Natura 2000 Sareak, hala, KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU (KBE) delakoak sortu ditu helburu horiek lortzeko. Jaizkibel eta Ulia Natura 2000 Sareko KBE dira egun, baina zonaldearen osotasuna eta koherentziak hainbat ilungune edo hutsune ditu legeari dagokionean Europak garrantzizko iritzi dituen itsasoko biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen babesarekin lotutako gaietan.

Natura 2000 Sarea itsasoan, Europar Batasunak lehenesten duen helburua
Europar Batasunaren lehentasunezko helburuetako bat da Natura 2000 egitasmoaren barruan itsasoko guneen sarea osatzea; izan ere, biodibertsitatearen galera etengo litzateke horrela eta itsasoko baliabideen kontserbazio eta erabilera jasangarria sustatu. Jaizkibel-Ulian itsasoko habitat eta espezieak babes eremuetatik (KBE ) kanpora daude. Azken hauek itsasbeheraren kotara besterik ez dira heltzen, eta beraz, guztiz beharrezkoa da Natura 2000 Sarearen koherentzia ekologikoa mantentze aldera, itsasoa bera ere babestea.